XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez diot argazkirik atera, eta nere lagunek, iganderen batean - datorrenean ziurrenera - , txokolatea hartzera edo ondo bukatzen den pelikula bat ikustera joan beharrean, oporrei buruz hitzegiteko aitzakiaz etxean azaltzen direnean, ez dute sinetsiko argazkirik ateratzeko astirik izan ez dudanik.

Bai baitakite egoerarik pentsaezinezkoenetan ere makina eskutan hartuta ibiltzen naizela.

Behin baino gehiagotan esan izan didate argazkia nahikoa froga ez dela.

Bereziki atzerritarren bat denean.

Argazkia bai, baina batek daki zertan aritu zineten.

Igual inguratu zitzaizun sua eskatzera eta orain, zure printze bezala saldu nahi diguzu, eta horrelakoak esaten dizkidate sarritan.

Eta dudak agertzen hasi zirenetik, dudan jartzerik ez dagoen egoerak fotografiatzen ditut.

Lehendabizikoan hura ere zalantzan jarri behar izan zuten: ba, hemen, biok zaudete, eta biok baldin bazaudete, nork atera zizuen argazkia?, ze egoera hau ez da inork argazkia ateratzeko modukoa...

Gajoek jakin ere ez baitzekiten auto-n jarri eta hamar segundutara clack egiten duten argazki makinak ere aspalditxo merkatuan daudenik.

Eta dena inbiria kontu bat besterik ez da, eh?

Beraiek ez dute ni bezalako zorterik izan inon ere.

Behin bakarrik izan gara elkarrekin oporretan, eta nahiago dut ezer ez kontatzea, neroni aspertuko nintzatekeelako beste inor baino lehen ezer egin gabe pasatako egunak esplikatu nahian.

Orduz geroztik denak nere oporren kontura bizi dira.

Itzuli eta astebete ez dute egiten bixitan etorri gabe, edozein txorakeria aitzakiatzat harturik.

Eta gustora egoten dira nere abenturak eta argazkiak entzun eta ikusiz.

Ezetz esaten dute.

Egunen batean gaizki bukatuko dudala, hori ez dela emakume batentzako moduko bizimodua, denbora asko baino lehen sustoren bat hartu behar dudala (...).